Bertsoa.com - Bertso plaza digitala

Bertso jarriak, ekitaldi bereziak

Amaia Iturrioz

LARUNBATEN LAUSOA:

Iratzargailuari men
eginez, goizero gora
ikastera, lantegira
edo batek daki nora
errutinan bizi arren
dugunarekin gustora
haustea eustea baino
dezente gozoago da
moldeko bizitzara ez
gintezkeenez beti molda
monotonia haustea
bilakatu dugu moda
larunbat gauez dantzara
goaz taberna zulora
bizitza moldatu dadin
behingoz gure erritmora.


Zuri ere ez dizunez
festak egiten kaltea,
alferrik ez denez pasa
parrandaren zain astea,
alboko herrira joan
zara animoz betea
tabernatik tabernara
hasi da trago eskea
kañatik vodkara erraz
denez jauzi egitea
alkoholak eragin dizu
begirada miopea
baina laket duzu oso
zure esku izatea
apurka difuminatzen
den errealitatea.


Anek ere lauso samar
dakuski sabai nahiz zoru
ta Aitor erakartzeko
den arren ongi atondu
beste baten ezpainekin
ditu bereak ezkondu
aurreiritzi orori
joaten uzten baitiogu
hiru t´erditako buelta
bihurtu dute hitzordu
neoizko argiak eki
eta pop ustela koru
Anek ezetz esateko
nahiz baduen hainbat modu
desio duen edo ez
bihar erabakiko du.


Ane biharamunean
sentituko da herabe
baina zergatik lotsatu
ez da-eta ezer grabe
guztioi gustatzen zaigu
bilakatzea nerabe
hormonak saltsa dantzatzen
ta neuronak, aldiz, bare
zuk dantzan jarraitzen duzu
zeure buruaren jabe
begirada miopea
hazten dijoa, halare
norbaitek lepoan musu
eman dizu ta suabe
“gabon, Aritz” esan duzu
burua jiratu gabe.


Zure bikote maiteak,
Aritz duen horrek izen,
etxera joan nahi duzun
galde egin dizu ozen
denak agurtu ostean
besotik diozu heltzen
lentillak lehor dauzkazu
irteteko garai zen
larunbat orotan bete
ohi dituzuen baldintzen
artean dago joatea
elkarrekin gaua hiltzen
larunbatero parranda
molde berean da sortzen
errutina da hau ere
baina ez zaitu aspertzen.


Zuek geldituagatik,
dantzan dabiltza zuhaitzak
nekatu zarete, beraz,
bazoazte festatik at
autoa hartuz herrira
alde egitea ontzat
eman dute lau ezpainek
eta motorraren hotsak
kopilotuaren aulki
iluna duzu tronutzat
eta zure erregeak
beti hartzen zaitu aintzat
gaur ere gustora zaude
polita baita denontzat
erregina izatea
gaztelu batean behintzat.


Lainoek estaltzen duten
ilargiaren argira
hitzez eman diozue
mundu osoari bira:
azken asteko kontuak,
goizeko futbol partida,
amaren errietak ta
Aneren ligea ginda
nekea daukazuenez
oso gertutik begira
begiek etsaitzat dute
beste autoen distira
ta errealitateak
egin ohi duen neurrira
bideko marra-etenak
lausotu egiten dira.


Baina alkoholak egin du
hain maniobra krudela
ezen autoa bidetik
atera zaizuen bela
kristalez lepo azala
gorputz osoa ubela
amodio koloreko
odolez duzu mazela
ta bera hor dakusazu
arnastu ezin duela
badoazen minutuek
idazten dute eskela
ahaztu duzuelako
ia astero bezela
lausotu dezakeguna
itzali daitekeela.

« Itzuli zerrendara

     

Zuzenean

  • Lizardi Sariko finala zuzenean
    Zarautz -  2010/09/03, 22:00
  • Manu Goiogana, Jone Uria, Aitzol Barandiaran, Asier Azpiroz, Xumai Murua eta Ane Labaka

Bertso onenak

Bilbo, Amezketa eta Hondarribiko saioak
Bilbo, Amezketa eta Hondarribiko saioak
Bertso onenak bideoan Bertso onenak bideoan

Agenda

  2010-07-18, PASAIA
Trintxerpeko I. bertso jaialdia
Auzoa: Trintxerpe     Lekua: Txosna gunea     Ordua: 18:00     Protagonistak: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Jexux Mari Irazu, Jon Maia, Unai Agirre, Mantxi Gai-jartzailea: Haritz Casabal

Plazaz plaza