Bertsoa.com - Bertso Plaza Digitala

Bertsoa.com - Bertso Plaza Digitala (logo)
Laburpena
  • Lekua: Tolosa
  • Data: 23/01/2010
  •  Larunbat arratsaldean bertso-jaialdia izan zen Tolosan, Leidor aretoan. Goraino bete zen zinea saioa jarraitzeko, 800 lagun bertaratu ziren. Astean zehar agortu ziren sarrera gehienak, eta, azkenean, jendea kanpoan geratu zen.

     Txolarren irratiaren 10. urteurrena zela eta antolatu zen saioa. Honako bertsolari hauek kantatu zuten:

     Maialen Lujanbio
     Aitor Mendiluze
     Andoni Egaña
     Amets Arzallus
     Sustrai Colina
     Beñat Gaztelumendi

     Hasiera batean Jexux Mari Irazu zen kantatzekoa, baina, gaixo zegoenez, Sustrai Colina aritu zen bere ordez.

     Amaia Agirrek jarri zituen gaiak. Era guztietako ariketak ipini zizkien bertsolariei. Hasteko, seiak altxarazi zituen. Aitor eta Beñat Irazuren jarraitzaileen multzoan jarri zituen eta Maialen eta Amets Sustrairen zaleenean. Sustraik bere buruaren papera bete zuen eta Andonik Sustrairen neska-lagunarena. Saio bizia atera zen, eta hor hasi zen saioa berotzen.

     Binakako ariketak etorri ziren ondoren. Maialenek Andoniri kontuak eskatu zizkion, BECen emandako giltzurruna gaizki zaindu duela eta. Hori izango zen, beharbada, ofiziorik txalotuena.

     Beñatek bakarka kantatu zuen gero. Txolarreren ibilbidea bere bertso-bidearekin lotzeko eskatu zion Amaiak.

     Hortik aurrera denetariko ariketak izan ziren: bertsolarien aspaldiko argazkiei kantatu zieten; Maialenek, Argiñanok bere omenez egindako platera aitzakiatzat hartuta, plater bana prestatu zuen besteentzat; Ametsek, Sustraik eta Beñatek Haitiko lurrikarari kantatu zioten...

     Dena den, jaialdiaren puntu gorena bakarkako batean iritsiko zen, beharbada. Amaia Agirrek egoera zaila jarri zion Aitor Mendiluzeri. Bere auzoko baten semea kartzelan zegoen, 8 urterako, SEGiko kide izatea leporatuta. Beste auzokide bat hilzorian egona zen, senarrak emandako jipoien ondorioz. Senarra 8 hilabeterako zigortu zuten. Auzokideek ez zekitena zen, ordea, biak epaitu zituen epailea Aitorren aita zela. Doinu ezberdinetan osatu zituen hiru bertsoak Aitorrek, eta publikoak biziki eskertu zion
Bertso onenak bideoan Bertso onenak bideoan

Copyright © bertsoa.com - Bertso plaza digitala. Eskubide guztiak erreserbatuta.